Urteko bi momentutan beha ditzakegu arrano arrantzaleak (Pandion haliaetus) Usurbilen, ugalketa-sasoiaren aurretik eta ondoren. Europan ugaltzen diren aleak dira, kumeak izan eta gero negua igarotzera Afrikara jotzen dutenak. Bueltako bidea negua bukatutakoan egiten dute.

Joan-etorriko bidaietan arrantzatzeko eta atseden hartzeko geldialdiak egiten dituzte bideko zenbait puntutan. GPS bidez jarraitutako arrano arrantzaleak aztertuz ikusi da ale batek toki berak aukeratzen dituela bizitza osoan egingo dituen migrazio-bidaia guztietan. Beraz, zenbait alek behin baino gehiagotan egiten digute bisita beren bizitzan zehar.

arranobittorArrano arrantzalea Sarian

 

Oria Behean ohiko bisitaria dugu arrano arrantzalea migrazio-garaian. Horren froga dira azken asteotan Sarian eta Motondon ikusitako arrano arrantzaleak. Egun batean bi batera ere behatu ziren. Argi dago atseden-toki ezin hobea bilakatzen ari zaiola Oria Behea azken urteotan Europan ugaritzen ari den espezie enblematiko honen populazioari.

arranoarrantzalemotonArrano arrantzalea hatzaparretan korkoia daramala, Motondon

Azken egunotan mokozabalen (Platalea leucorodia) bandoak ikusten ari dira Euskal Herriko zenbait tokitan. Talde batzuek gure paduretan atseden hartzeko geldialdi laburrak egiten badituzte ere, gehientsuak hegan pasatzen zaizkigu, v irekiaren itxurako formazioan, hegoalderako norantzan.

Usurbil gainetik ere igarotzen ari dira mokozabalak. Gaur goizean, adibidez, 110 aleko talde handi bat da ikusteko aukera izan dugu. Ezohiko moko zabaleko hegazti zuri hau polita bada, hainbat aleko bando bat egitura ezin ederragoa da gure begietara.

mokozobalusur1

mokozobalusur2

mokozobalusur3Mokozabalak (Platalea leucorodia) Usurbil gainetik

Zenbait urte pasa dira lertxun hauskara (Ardea cinerea) Oria ibaian umatzen hasi zenetik. Denbora luze da gertaera bat ohiko bihurtzeko eta albistea izateari uzteko. Halere, Oriaren lehengo egoera toxikoa ezagutu genuenok orduko irudi penagarria oso errotuta daukagu subkontzientean, eta lertxun hauskara bertan ugaltzea oraindik kontatzeko moduko gertaera dela iruditen zaigu. Belaunaldi berriei ohiko egingo zaien hau, duela urte batzuk pentsaezina zen.

Aurten sei habia zenbatu ditugu Zubietako kolonian. Horietatik txitak zenbatetan aterako dituzten, udaberria aurrera joan ahala jakingo dugu. Momentuz, habia bakarrean ikusi ahal izan ditugu txitak. Errioaren osasun onaren seinale da bere baitan hegazti dotore honen hazia ernatzea.

zubietaardeid20162

zubietaardeid2016Lurtxun hauskarak (Ardea cinerea) Zubietako kolonian

Ezohiko kaio espezieekin disfrutatu ahal izan dugu azkeneko asteetan Lasarten. Bata, Ameriketatik etorritako espeziea da, Delawareko kaioa (Larus delawarensis) izenekoa; eta bestea, kaio espezierik txikiena, antxeta txikia (Larus minutus) izen adierazgarriarekin ezagutua.

Europara neguro iristen zaizkigu Delawareko kaio gutxi batzuk. Euskal Herrian hiruzpalau ale zenbatu ohi dira, gehienak lehen negukoak direlarik. Lasarten ikusitakoa heldua da. Asier Aldalurrek aurkitu zuen duela hiru aste. Geroztik beste pare bat aldiz ikusi dugu.

delawareLasaronDelawareko kaioa (Larus delawarensis) Lasarten

Antxeta txikia ere bada oso kaio urria gure inguruan. Neguan baino ez dira ikusten eta oso gutxitan. Lasarteraino antxeta mokogorriei jarraituz iritsiko zen bikotea, bi ale baitziren, lehen negukoak biak. Bertan, antxeta mokogorriekin batera ari ziren elikatzen.

kaiotxik3
 kaiotxik1.JPG
Antxeta txikia (Larus minutus)

Gure zeruetan hegan baino ez ditugu ikusten kurriloak (Grus grus) normalean. Udazken garaian agertzen hasten dira, hotzaren mezulariak balira bezala. Urrunetik ikustearekin konformatu behar izaten dugu, hain pilatuta bizi garen Gipuzkoa honetan kurriloek geldialdi bat lasai eta patxaraz egiteko moduko zelai edo padura zabalik ez baita geratzen.

kurrilobit1.JPGKurriloak Mariaerrotan

Bittor Mutiozabal zarauztarrak, Sariara zihoala, sorpresa eder batekin topo egin zuen Mariaerrotan, tamaina handiko hiru hegazti ikusi zituen eta. Zelaian hiru kurrilo zeuden pausaturik, atseden hartzen. Zerbait erakargarria ikusi omen zuten bertan. Ez ohiko bisita berezi honek, eta blog honetan azaldutako beste hainbatek, agerian uzten dute Oria Behearen garrantzia, eta horren ondorioz, bera leheneratzeko neurrien beharra.

kurrilobit2Kurriloak Mariaerrota gainetik tentsio-kable arriskutsuak sahiesten

Atzoko egunean bereziki nabarmena izan da pagausoen (Columba palumbus) pasea Gipuzkoan. Tamaina guztietako bandoak ikusteko aukera izan dugu, gure zeruetan hegan eta oso behean gainera, hego-haizeak indarrez jotzen baitzuen.

Igeldotik Oriara sartzen ziren bando asko Orioko hondartzara bultzatzen zituzten haize-boladek, Olaskoegiako bailaratik sartzen saiatzen zirenean. Beste bando batzuek erriotik gora jotzen zuten hegoaldera, tarteka bazterretako zuhaitzetan pausatzen zirelarik.

pagausoakPagausoak errio gainetik, Zubietan

Ez da batere lan makala pagausoek urtero egin behar izaten duten migrazio-bidaia. Gipuzkoan gainera, aparteko arrisku bat saihestu behar dute, ehiztarien tiroak.

Ur garbien adierazle amuarraina izango genuke arrainetan, pirinioetako desmana ugaztunetan eta ur-zozoa (cinclus cinclus) txorietan. Hiru animaliak bio-adierazleak dira, hau da, erreka eta errioetako uren garbitasunaren adierazleak, ur zikinetan sekula azalduko ez direnak alegia.

urzozoUr-zozoa (cinclus cinclus) Lasarten

Azken egun hauetan Oriako errioan, Lasarteko alturan, bi ur-zozo azaldu dira. Honek zera esan nahi du, bertako urak garbi antzean datozela. Bertan ur-zozoak kumatzeak garbitasunaren ziurtagiri bat izango litzake. Azkeneko hau gertatzekotik urruti xamarrean gaude Usurbil eta Lasarteko ur zikin domestiko eta industrialak (eta Andoiango ur zikinen parte bat) inongo tratamendurik gabe erriora jaurtitzen diren bitartean. Zorionez, hau konponbidean dago, eta badirudi hemendik gutxira ur zikin hauek Loiolako (Donostia) araztegira joango direla. Lanak oso aurreratuta daude eta egun honetan Oria beheko errioko urak izugarri garbituko dira.

Gaur egun Oriako arroako errekasto eta erreketan ur-zozoa ikustea ez da gauza arraroa, harrigarria Orian topatzea da. Oria populazio hauen konexioa izango litzake, arbola baten adarrentzat enborra dena alegia. Egunen batean Orian kumatuko balitz bertako urak garbitu diren seinale izango litzake.

Ur-zozoa egoteak Oria amuarrain, izokin, kodaka eta aingirentzat leku egokia dela esan nahi du.